2023/02/18

«Nafarroan hainbeste aurreratu izanaz harro gaude»

Pasa den urtarrilaren 21ean, Durangon, Foro Sozial Iraunkorrak bere lan-etapa amaitutzat ematea erabaki duela jakinarazi zuen. Gaurkoan, Nafarroako taldeak gauza bera egin du Nafarroako gizarte zibilarekin.

Ekitaldiak bi zati izan ditu: hasieran, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak azken zazpi urteotan Nafarroan lortutako aurrerapenen balantzea egin du gizarte zibileko eragileekin batera, eta Foru Komunitatean bizikidetza demokratikoa eraikitzeko oraindik egiteke dauden erronkak identifikatu ditugu.

Ondoren, ekitaldi publikoa egin da, eta Txemi Perezek eta Xanti Begiristainek hitza hartu dute, gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurren.

Xanti Begiristainen hitzartzea


Aldez aurretik, eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur goizean egin dugun topaketan parte hartu nahi izan duzuen erakunde eta pertsona guztiei; baita komunikabideei eta ekitaldia streaming bidez jarraitzen dutenei ere.

Goizeko bileran, Foro Sozial Iraunkorrak bere lan-zikloa amaitutzat emateko hartutako erabakia gizarte zibileko eragileekin partekatu nahi izan dugu. Era berean, Nafarroan azken zazpi urteetan izandako aurrerapenen balantze egin dugu denon artean eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko oraindik irekita dauden erronkak identifikatu ditugu.

Gizarte dinamika garen heinean, gure ardura da egindako lanaren balantzea gizarte zibilari itzultzea. Izan ere, gizarte zibilak berak jarraitu behar du oraindik dauden korapiloak askatzen, bakea eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntza denoi dagokigulako.

Zaila da balantze hau hitz gutxitan azaltzea; baina bi ideiatan laburbiltzen saiatuko gara:

Lehena: bide partekatua izan da. Gu bakarrik, gaur hemen zuon aurrean agertzen ari garenok bakarrik, ez genuen hainbeste aurrera egiterik lortuko.

Bigarrena: Egoera orokorrari dagokionez, 2016ko ekainean jaio ginenean baino askoz hobeto bukatuko dugu. Irekitzen den fase berriari aurre egiteko testuinguru hobe bat finkatzen lagundu izanaz harro gaude. Eta esan nahi dugu, halaber, harrotasun sentimendu hori Nafarroako gizartearen gehiengoari dagokiola, «erdiko erreia» elikatu duelako, hau da, Nafarroan dugun gizarte pluralean adiskidetzearen oinarriak ezartzeko apustua egin duelako.

Iruñean aurkeztu ginenean, 2016ko udazkenean, honela definitu genuen Nafarroan bizitzen ari ginen egoera: «bizikidetza demokratikoren aldeko urratsak emateko baldintzarik onenak betetzen ditu legegintzaldi honek». Ondoren, orain amaitzen ari den legegintzaldiak biderkatu egin zituen aukera horiek.

Gure lehen ekimena Legebiltzarreko Hemizikloan izan zen, 2016ko azaroaren 4an, indarkeria desberdinen biktimak elkartuz. Lehen aldia izan zen biktima ezberdinak modu publikoan elkartzen zirela.

Ekimen hura ez zen kasualitatez sortu. Mahai inguru hartan, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak finkatuta utzi zuen bere xede nagusia: pertsona desberdinak elkartzea eta entzuteko eta enpatiarako espazioak sortzea.

Hori da, agian, harro egoteko dugun arrazoi nagusia: lan-eredu berritzaile eta eraikitzaile bat sortzeko gai izan gara, krispaziotik ihes eginez; betiere zentzuzko proposamenekin; beti pausu bat aurretik; titular handien beharrik gabe, ideia eta marko berriekin gizarte osoa bustiz, pixkanaka, zirimiria bezala. Elkarrizketaren bidez, elkarrizketa askoren bidez.

2016. urtetik aurrera gure jarduera oso emankorra izan da Nafarroan: urtero egin dira agerraldi parlamentarioak, hainbat bilera diskretu egin dira, txosten ugari aurkeztu dira eta 22 topaketa antolatu ditugu gai desberdinei buruz. Horietatik bost Legebiltzarreko Hemizikloan egin dira, biktima ezberdinak elkartuz, benetan hunkigarriak izan direnak.

Sustatu dugun azken ekimena, azpimarratu beharrekoa, azaroaren 28an aurkeztu zena izan zen: tradizio politiko eta bizitza-ibilbide oso desberdinetako 9 pertsonak 13 hilabetez aurrera eraman zuten «Memorien elkarrizketa» izeneko elkarrizketa-prozesu diskretuaren berri ezagutzera eman zuten.

Gaur egun esan dezakegu azken bi legegintzaldi horiei esker aurrerapauso handiak eman direla, duela zazpi urte imajinatu ezin ziren aurrerapenak ezagutu ditugula eta, horiei esker, bizikidetza demokratikoan asko aurreratu dugula.

Horren lekuko, pasa den otsailaren 10ean Parlamentuan ikusi genuen argazkia azpimarratu nahi dugu: Nafarroako indar politiko guztiak eta sindikatu gehienak, IVAC-ek aurkeztutako torturei buruzko txostenaren beharra eta profesionaltasuna aitortu zuten. Txosten horrek Nafarroan 1.068 tortura-kasu baieztatu ditu.
 

2013an Lokarrik eta Bake Bideak antolatu zuten lehen Foro Sozialean definitu ziren 12 gomendioei eta Foro Sozial Iraunkorrak 2016an sortu zenean bere buruari jarritako misioari erreparatzen badiegu, esan daiteke helburu gehienak bete direla edo oso aurreratuak daudela bete ahal izateko.

Armagabetze zibila eta ETAren desegitea 2017an eta 2018an burutu ziren, NBEk zehaztutako DDRren (desarmea, desmobilizazioa eta berrintegrazioa) nazioarteko parametroen barruan. 2021ean lortu zen presoen harreren auzia bideratzea, eta 2022an biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruko adostasuna zehazten hasi da. Presoei dagokienez, gaur egun preso nafar guztiak hurbildu dira; horrela, preso guztiak Zaballa, Basauri, Martutene eta Iruñeko kartzeletan beren zigorrak betetzen egon eta gero, Foro Sozial Iraunkorrak ulertzen du presoen auzian konponbiderako markoa dagoeneko finkatuta dagoela.

Nafarroari dagokionez, adostasun berriak eraikitzen joan dira, pausuz-pausu, hiru gai nagusi hauetan:

  • Biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidean eta Estatuko biktimek oraindik ere jasaten duten diskriminazioa gainditzeko.

  • Espetxe-politika arrunta ezartzea eta presoei oraindik aplikatzen zaien salbuespeneko neurriak gainditzea.

  • Bizikidetza demokratikoa eraikitzea gurea bezalako komunitate konplexu eta pluralean.

Adostasun horiek oso tentuz ehuntzen joan dira, erakundeen arteko hainbat akordioren bidez, besteak beste, gai hauetan:

  • Giza Eskubideen urraketen biktima guztiei babesa.

  • Foru Legea (16/2019): lehen balorazio-eskaerak jaso ditu eta lanean hasi da. Fase honetan, ETAren biktimei eskaintzen zaien erreparazio bera eskaini beharko die Lege honek Estatuaren biktimei.

  • Torturari buruzko lehen bi txostenak (2019 eta 2022). Txosten berriak egin beharko dira, biktima horiek jasan duten “isiltasunaren errebiktimizazioa” gainditzen laguntzeko.

  • Espetxe-politikaren arloan Nafarroako Parlamentuak eta hainbat udalek hartutako erabakiek, sindikatu guztien laguntzarekin, urruntze eta sakabanatze politikaren amaiera eta Iruñeko kartzelara hurbiltzea eskatu dute, edo preso gaixoen egoeragatik kezka adierazi dute.

  • Altsasuko gazteek jasan zuten epaien aurkako adostasun zabala.

  • Sekretu Ofizialen Legeari buruzko akordioa.

  • “Nafarroako Gobernuaren “I. Bizikidetzarako Plan Estrategikoa”.

  • 1978ko sanferminei buruzko Iruñeko Udalaren txosten ofiziala eta Udalak berak sakabanatze-politikaren ondorioz errepidean hil zen Sara Fernándezi egindako aitortza.

Inork pentsa zezakeen, duela zazpi urte, horrelako agertoki batean egongo ginela eta hainbeste aurrerapen lortuko genituela?

Eta gure lan-ereduari dagokionez, Foro Sozial Iraunkorraren ekarpenik handiena, segur aski, hiru esparruetan egituratutako prozesu bat sustatzea izan da: Iparraldea, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa. Konponbiderako prozesua eremu instituzional bakoitzera egokitu da, errealitate bakoitzari egokitutako erritmo eta tresna propioekin, baina beti azken helburu berarekin.

Eredu horri esker, ibilbide-orri propio bat diseinatu ahal izan da Nafarroarako, kanpoko esku-sartzerik gabekoa. Agenda hau aurrera eramateko, estrategia atsegin bat sortu dugu, betiere errealitate-printzipioan oinarritua: egingarriak diren proposamenak egin ditugu. Izan ere, lor daitezkeen konponbideen bidez, adostasunak sortu ahal izan ditugu, batez ere Nafarroako iritzi publikoaren gehiengoarekin bat etorri direlako.

Ez da bide erraza izan. Adostasunak eraikitzeko prozesu horrek izan dituen zailtasun eta krisien lekuko gara Foro Sozial Iraunkorrean. Iraganeko logiketan ainguratua, ematen ari diren aurrerapausoak onartzen ez dituzten eta oztopatzen saiatzen diren sektoreak egon dira eta daude Nafarroan. Baina zailtasun horiek gainditu egin dira gai horietan erantzukizuna duten eragile instituzional, politiko eta sindikalen borondatearen ondorioz. Hau da, batzen gaituena bereizten gaituenaren aurrean jarri dutelako. Pertsona horiei guztiei, gure esker ona.

Hala ere, gure lan-zikloaren amaierara iritsitakoan, azpimarratu nahi dugu bakea eraikitzeko prozesua amaitu gabe dagoela oraindik. Bide luzea dago egiteko.

Esan bezala, etapa bat ixten ari da, eta erronka berriak dituen beste bat irekitzen ari da. Horretarako, beharrezkoa izanen da helburuak egokitzea eta Nafarroako gizarteak aurrera egiteko tresna egokiak izatea.